XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Basabûrûan bi ibar bereizten ditugu Ibareskûina (Alozetik Lakarriraino) Ibarezkerra (Iruritik, Larraiñe eta Santa Graziraino).

Atarratze da hiriburua eta horko medikuntzaren bilgunea, merkatugunea, erosketa lekua, zerga lekua.

Mendialde honen herrixka guztien zerrenda hau da: Aloze, Altzabeheti, Altzai, Arane, Arstûe, Atarratze, Aterei, Barkoixe, Etxebarre, Gamere, Haunze, Iruri, Lakarri, Larraiñe, Lexantzû, Ligi, Liginaga, Muntori (edo Beroritze), Onizegaina, Santa Grazi (edo Urdaitx) Xarrikotagaina, Zihiga, Zûhar, Zunarreta.

Barkoixe Pettiarrekoa da hizkeraz.

Oraintxe berriki gehienean Euskaltzaindiaren grafian herrien izenak eman baitituzte euskaraz beren kaskoin-kiskuin frantsez itxurapean ez ditut emango (ik. mapa).

Sendakuntza aldetik, amategia ospitalea eta klinika Biarno auzoko Oloronen daude.

Herri guzti horiek XIV. mendeko idazkietan agertzen zaizkigu, eta herri batzutan nafar kristauzaleek eraiki elizak eta elizeen oinarriak ikusten dira (Santa Grazi, Arane, Liginaga, Altzabeheti, Lexantzû eta abar).

Gero Santiagoko bidexka batean izanki, eta mendizoko izanikan ere Zuberoak goizik, sentorralen Ospitaletxeak ezagutuko ditu.

Legearen aldetik, herri zahar bat Santa Grazi Elizapeko izango ez Zuberoako foru legepean, baita geroago berdin Larraine, Sauvelade-ko komentuak, Liginagako jaunaren lurretan eraiki herria.

Hamazazpigarren mendean denak zuberotarrak izango dira legez, eta foruz.

I.A.2. Pettiarra.

Muno-zelaialde hau frantses administraritzak zatitu egin du, herri gehienak Mauleko kantonamenduan sartuz.

Herri egitura honetan, 20 zuberotar udaletxe daude, 29 herrixka beren elizekin.

Hau da geuk Pettiarra (Peko Ibarra) esaten diogunaren zati nagusia (Fr. Basse Soule: gazt. Baja Sola).

Administralgoaren aldetik eta medikuntzarenetik Maule da hiriburua, hortik kanpo ez baita sendaketa antolaketategirik.

Berdin Erdi-Haroan herrixka horien guztien izenak aurki litezke idatzita: Ainharbe, Altzûrûkû, Arrokiaga, Bildoze, Berrogaine, Ezpeize, Garindaiñe, Gotaiñe, Irabarne (edo Irabarren), Larrebile, Larrori, Larûntze, Maule, Mendi, Mendikota, Mintikile, Muskildi, Onizepea, Ospitalepea, Ozaze, Sohoeta, Undûraiñe, Urdiñarbe, Urrûstoi, Xarrikotapea, Zalgize (hogeitabederatzi herrixka).

Donapaleuko kantonamenduan, zazpi udaletxe eta hamalau herrixka beren elizekin zuberotarrak dira, hona herrixkak: Arûbe, Berroeta, Domintxaine, Erribarreita, Etxarri, Itorrotz, Jestasû, Lohitzûne, Oihergi, Olaibi, Ozagaiñe, Pagola, Sorapûrû, Zilekoa.

Hogeitazazpi udalek eta berrogeitahiru herrixka edo parropia horiek Pettiarra konpontzen dute, nahiz frantses Administraritzak, Zuberoatik kendu dituen.

Elizak, kondaira mugak onartu ditu, eta Zuberoa guztia Baionako elizbarrutian dago, baina Mauleko zuberotar herriak Paueko komerzio ganbarara lotu ziren orduan Donapaleu aldekoak Baionakoari (1991ean Zuberoa Baionari lotu).

Medikuntzaren aldetik Maulek ez du jakin bere klinika eta amategia gordetzen.

Donapaleu azkoz txikiagoa izanki, biak badauzka.

Horregatik Pettiarreko gaurko niniak Donapaleun sortuak dira, eta eri asko hango klinikan sartzen.

I.A.3. Zuberoako herri-hizkuntzak.

Jatorriz eta frantsesa denei inposatua izan arte aspaldidanik hirur hizkera dauzkagu Zuberoan, gaskoina (Ozagaine, Erribareita, Jestasû); gaskoina, bearnes mota, eta zuberera (Muntori), euskararen bi euskalki, zûberera herri gehienetan, nafarrera Etxarri Domintxaine aldeko herrixka batzutan, denetan ez.

Maule-n eta inguruan español eta portuges jatorrizko jende multzoa badago (Bildozen gehiengoa portugesa da).

Gaztelania frantsesetik kanpo hizkuntza ezagunena zen.

Gure berriemaile guztiek dena edo zatia euskaraz (zubereraz) eman digute.

Mintzaira ofizial bakarrak, latina, erromantzea, eta XIV-XVIeraino gaskoina, geroztik frantsesa, izan dira.

Duela 10 urteetaraino medikuntzazko praktikari guztiak euskaldunak ziren.

I.B. Lurra ta berezko ontasunak

Eremu osoak, 760. km. egiten ditu gorabehera.

I.B.1. Mendialdea

Karaitz eta lapitzezko pireneotar ardatza Zuberoa eta Nafarroaren artean altxatzen da, mendiek 1800 m; -2000 m. egiten dutelarik (Orimendia, 2018).

Kate horren paralerroan Santa Grazi zokoratuz Sortaldetik-sartaldera, Iguntzeko mendiak daude (1440 m.), lur eta arkaitz mota askorekin, eta geologia aldetik hor kapa zaharrenak agertuz.

Gero Ibareskuinari bere itxura ematen diolarik zeharka karaitz hutsezko mendiak Arbaillakoak daude (1000-1200m.).

Mendi gain horietan kareak eman buztin meharrean pago eta izai basoak badaude, 600-1400 metrotaraino, gero handik goiti larreak, bazkak eta artzainen olhalte eta haien egoitza diren olhak.

Arbaillan ordea, ur eskaziak lekuka desertu bilakatzen du mendia baina, Iteko oihana badago eta Ahuzki aldean artzain olalte onik.

Ibarretan Basabûrûko Ûhaitz, basa uretan eta ondoetan lur lanerako egoki diren elge txiki batzu daude, bestelan lurra belardirako baizik ez da on, eta oihanerako, ere: Ekibegi-tik (eguzkiruntz) etxalde gehienak eta Itzalaldetik oihanak.

Mendiko urak baliatzen dira, baina ez lurazpiko meatzak, alta burdina badago Larraiñen, bauxita, galena, Santa Grazin, kobrea Ligin.

Lurralde euritsuak dira (Gipuzkoa haina), metro bat et'erdiz goiti egiten baitu urtero, halere hegoak tokika, mendialdean zerua garbitzen du eta ez du elurra egoten uzten.

Etxe gehienak 800 m. goratasunetik behera daude.

I.B.2. Muño-zelaialdea.

Basabûrû eta Pettiarraren mugan 800m. gora irixten diren muñoak, hegiak badaude, Maidalena San Gregori, eta Be-Nafarroako mugan San Antoni.

Gero beheraxeago muinoxkak 300 metrotara heltzen dira Peko Ibarraren bi aldetatik, Maule eta Barkoixen.

Nahiz Barkoixe Basabûrûan izan, badû bere ordoki txikia, bere ûrrûpea lur lanetarako egokia, Gaztalondo ibar aberatsa.

Berdin Maule inguruko herriek beren elgeak zabalenak Sohoeta eta Mendikoak izanki, arto lur direnak.

Uhaitz urak industriarako hor ere baliatzen dira, baina ekai aldetik ez dago, sendakuntza urez kanpo, balia litekeen besterik.